"Gizonok esan eta egin" kanpaina: Arantxa Urretabizkaia ETB1en Ahoz Aho saioan

2018-10-30
Arantxa Urretabizkaia idazleari elkarrizketa Euskal Telebistako Ahoz Aho saioan Gizonduez "Gizonok esan eta egin" ekimenaren inguruan. Elkarrizketa 2018ko urriaren 29an eman zen. Eskerrik asko Euskal Telebistari saio honetako bideoa gure sare sozialetan erabiltzen lagatzeagatik. * * * * * Urriaren 23an Gizonduz ekimenaren 10. urteurrena ospatu zen Lehendakaritzan. Ekitaldian Gizonduzek egin duen ibilbidea errepasatu zen: 10.000 euskal gizon baino gehiago atxiki zaizkio Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Euskal Gizonen Eskutitzari; 7.000 gizon baino gehiagok jaso dute prestakuntza berdintasunean, ekimenak eskainitako ikastaroetan; eta 30.000 aitek baino gehiagok Gizonduz motxila jaso dute, berdintasunean oinarritutako gurasotasunaren aldeko sentsibilizazio-materialarekin, beste ekintza batzuen artean. Ekitaldian “Gizonok Esan eta Egin” kanpaina aurkeztu zen; kanpaina horren bitartez jarraitasuna eman nahi zaio orain arte egindako lanari, eta euskal gizonei eskatzen zaie ekintza zehatz batzuk berenganatzeko, eremu desberdinetan berdintasunarekin hartua duten konpromisoa areagotzearren: erantzunkidetasuna, zaintza, indarkeria matxista errotik erauztea, berdintasunaren aldeko ideiak hedatzea, edo mezu eta jokabide matxistak salatzea. Horretarako, aplikazio informatiko bat sortu da, pauso gutxi batzuetan haien konpromisoak aukeratzeko lagungarri izango zaiena. Hau da aplikazioan sartzeko helbidea: http://www.emakunde.euskadi.eus/esanetaegin/ Aplikazio horrek, lehenik, haien portaera aztertuko du eta, aldi berean, hainbat konpromisoren artean hautatzeko aukera emango die, baita konpromiso horiek praktikara eramateko baliabideak ere. Kanpaina honekin, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida Larizgoitiak adierazi zuenez, “gizonen inplikazio handiagoa bultzatu nahi dugu eta, aldi berean, inplikazio horri gizartean ikusgarritasun handiagoa eman”. Zuzendariak eskertu egin zuen bere garaian Gizonduz ekimena bultzatu zuten pertsona guztiek egindako lana eta gogora ekarri zuenez “funtsezkoa da gero eta gehiago izatea prest dauden gizonak maskulinotasunaren eredu tradizionala zalantzan jartzeko, sistema patriarkalak eman ahalko dizkien pribilegioei uko egiteko, gaizki ulertutako maskulinotasunaren kargatik askatzeko eta, emakumeekin batera, pertsona libre eta osoagoez osatutako gizarte berri hori lortzen konpromiso aktibo bat hartzeko”. Gizonduz ekimena berritzailea izan zen bere garaian, lan-lerro bat planteatu baitzuen gizonak beharrezko osagarritzat hartuta emakumeak ahalduntzeko lanean. Eta, izan ere, erreferente bat da orain gizonekin egindako lanean, baita EAEtik kanpo ere. Argibide gehiago: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/49352-lehendakari-pide-los-hombres-vascos-mas-pasos-compromiso-con-igualdad * * * * * Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomoa da, berdintasunerako politikak diseinatu, bultzatu, haien inguruan aholkatu, koordinatu eta ebaluatzen dituena, bai eta gizartea sentsibilizatzen duena ere, Euskal autonomia-erkidegoko emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko xedez. Erakundeak bi jardute arlo nagusi ditu: alde batetik, administrazio publikoekin burututako lana, berdintasunaren aldeko egiturak sendotzeko eta politika publikoetan generoaren ikuspegia txertatzeko neurriak martxan jar daitezen bultzatzekoa; bestetik, gizartearekin oro har egiten duen lana, emakumeen ahalduntzea bultzatuz, enpresetan berdintasuna egotea sustatuz, emakumeekiko indarkeria prebenitzeko neurriak hartuz, diskriminazio kasuetan aholkularitza eta defentsa eskainiz, bai eta gizartea berdintasunaren alde sentsibilizatuz ere. Argibide gehiago: http://www.emakunde.euskadi.eus eta http://emakunde.blog.euskadi.eus/ * * * * * Emakunderen beste egitasmo batzuk: - Berdintasunerako gunea: Gunearen helburua hainbat erakunde eta elkartek emakume eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde egiten duten lana indartu, ikustarazi eta sendotzea da. - Nahiko: Nahiko Berdintasunerako, Errespeturako eta Biolentzia-ezarako Hezkidetza Programa da. Berdintasunez bizitzeko baloreak lantzen dituen tutoretza programa da: http://www.emakunde.euskadi.eus/nahikoeu/-/informazioa/nahiko/ - Beldur Barik: Helburua da gazteria indarkeria matxistaren aurka inplikatzea, eta errespetuan, berdintasunean, askatasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak eta jokabideak sustatzea: http://beldurbarik.org/eu/ - Begira: Eduki mediatikoek emakumea ez gaizki tratatzea, ez umiltzea edo mendekotzat ez aurkeztea, eta, era berean, emakumeez eta gizonez ematen den irudia bat etortzea lortu nahi dugun errealitate sozialarekin da Begira Publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordearen helburu nagusia.: http://www.emakunde.euskadi.eus/proiektu/-/publitzitatea-komunikazioa/
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak