UDALETIK 02-15

2018-02-15
UDALETIK 02-15 1.- GASOLINDEGIKO OBRAK DIRELA ETA, IBILBIDE ALDAKETAK EGONGO DIRA Eliz Ateako Gasolindegi zaharreko obrak direla eta, otsailaren 19tik aurrera, astelehena, eta gutxienez aste betez, Abaroa kalean norabide batean bakarrik izango da trafikoa. Horrela, Eskolapetik Eliz Atea, Santa Elena edo Mendexara joan behar dutenek Txatxo Kaiatik joan beharko dira. Kontrako norabidea berriz,  Mendexatik Lekeitiora egiten duena, betiko moduan erabiltzen jarraitu ahalko da. 2.- MAHAI INGURUA: ESKOLA KIROLA, OTSAILAREN 16AN Otsailaren 16an eskola eta kirolaren arteko harremanari buruzko mahai-ingurua egingo da arratsaldeko 18:00etatik aurrera Kultur Etxeko Azkue aretoan. Lekeitioko eskolako jaiaren barnean egingo den ekintza anitzetako bat izango da hau. Eskolarekin lotutako kirol ereduaren helburuak, baloreak eta ohitura osasuntsuak egoki zehaztea garrantzitsua da. Eta lan horretan ostiraleko mahai inguruaren helburua zera izango da, gurasoekin batera, eskola eta kirolaren arteko harremanari buruz mintzatzea. Mahai inguru honetan, Eli Ibarra, Koikili Lertxundi, Maitane Toledo, Luis Mari Zulaika eta Carlos Sergio egongo dira haien ikuspuntua azaltzen. 3.- FORMAKUNTZA KURTSOAK KZGUNEAN Telefono mugikorrak edo tabletak erabiltzeko zailtasunak badituzu edota internet bidezko ordainketak segurtasunez egiten ikasi nahi baldin baduzu, egon adi! Lekeitioko KZguneak hainbat formakuntza saio jarriko baititu herritarren eskura. Horien artean, posta elektronikoaren erabilera lantzen duen kurtsoa, sare-sozialen bitartez komunikazioa hobetzea bilatzen duena, eguneroko tresna informatikoak erabiltzeko laguntza edota internet bidezko erosketak nola egin azaltzen duena. Kurtso hauek edonork egin ditzakeen arren, batez ere nagusiei bideratutakoak dira. doanekoak. Ikastaroetan partehartzeko aurretiaz izena ematea beharrezkoa da. Horretarako, 2 aukera daude, Lekeitioko Kulturetxean bertan fitxa txiki bat betetzea edo www.kzgunea.eus web-gunean. 4.-UDAKO ARTE ERAKUSKETAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK Lekeitioko Udako Arte Erakusketan izena emateko epea zabalik dago jada eta martxoaren 31an bukatuko da. Erakusketa honek alor ezberdinetako artistengana heldu nahi du, arte aniztasunaren isla izan dadin. Erakusketan parte hartu nahi dutenak Lekeitioko Kultur Etxera hurbil daitezke izena ematera edota kulturetxea@lekeitio.eus helbidera idatziz. 5.- ZINEA EL CUADERNO DE SARA Laurak urteak daramatza bere ahizpa Sararen bila. Sara Kongoko oihanean galdu zenetik, inork ere ez du haren berririk izan, ez berak lan egiten zuen Gobernuz Kanpoko Erakundekoek, ez Enbaxadakoek… Egun batean, Sararen argazki lauso bat agertu zen Kongoko ekialdeko meatze-herrixka batean… 6.-EGURALDIA UDABERRIKO GIROAK BIHAR ARTE IRAUNGO DU ETA LARUNBATETIK AURRERA NEGUA ITZULIKO DA. Gaur Tenperaturetan udaberriko balioak izan ditugu, eguerdi aldera ostarte batzuk zabaldu dira, iluntzean hodei trinkoagoak agertuko dira eta baliteke euri-tanta batzuk botatzea. Itsasoa asko zakartuko da eta gauerako 4 metroraioko olatuak izango ditugu, ondorioz, abisu horia dugu kostaldean. Ostiralerako ez dugu aldaketa handirik espero hegoaldeko haizeak 18-19 ºC-ko tenperaturak utziko dizkigu. Egun amaieran hodei-geruza trinkoagoa izango dira eta euri pixka bat egin dezake. Itsasoan oraindik 3-4 metro inguruko olatuak izango ditugu. Larunbatean giro goibela izango dugu eta berriro ere euria egingo du, Iparraldeko haizea bizi samar ibiliko da eta ondorioz tenperatura nabarmen jaitsiko da eta balio altuenak 10 eta 13 ºC artekoak izango dira. Igandetik aurrera ez dugu euririk izango baina tenperaturak hotzak mantenduko dira 8ºC-ko minimoekin eta 12ºC-rarteko maximoekin. Hodeitza igandetik aurrera ere desagertuz joan eta giro eguzkitsua gailenduko da astelehen eta astearterako.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak