"Udako suteak neguan hasi behar dira itzaltzen", dio LAB sindikatuak

2022-06-24
LAB sindikatuak Nafarroako Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du Iruñean emandako prentsaurreko batean pasa den astean piztu ziren suteei emandako erantzuna baloratzerakoan. Sindikatu abertzalearen irudiko, «premiazkoa» da suhiltzaileen zerbitzua berrantolatzea eta indartzea. Kritikatu dute baso suteekin ez dela egon aurreikuspenik eta alerta-gaitasunik. Udako sute handiak neurri prebentiboekin neguan hasi behar direla itzaltzen gogoratu dute. LABek salatu du berdin diola alerta egoera 0 mailakoa (leunena) edo 4 mailakoa (larriena) izan, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eskura dituen langileak eta baliabide materialak «beti berberak» direlako. «Larrialdi-egoera bat aktibatu ala ez, guardiako suhiltzaileen kopurua gutxieneko zerbitzuena da», nabarmendu du Urko Araizek suhiltzaile zerbitzuko LABeko ordezkariak. Gaur Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, adibide gisa jarri du ekainaren 14ean Leire mendilerroan sutea piztu zenean, Zangozako parkean hiru suhiltzaile baino ez zeudela txandan. «Hori da ezarritako gutxienekoa eta praktikan egunerokoan maximoa dena». LABek azpimarratu du urteak daramatzatela zerbitzuaren gabeziak salatzen, eta bi asteotan bizitako egoerak «inoiz baino nabarmenago» utzi duela gabezia hori. Adibidez, langileei dagokionez «orain dela 20 urteko langileria bera» mantentzen da, hiru suhiltzaile parke bakoitzeko. «Hori ez da nahikoa egun ditugun zerbitzu guztiei erantzuteko». Baso-suhiltzaile gutxi Baso suhiltzaileen kasuan ere langileak falta direla deritzote. «Salatu nahi dugu kanpainetarako bakarrik gutxieneko bat kontratatzen jarraitzen dutela, eta hori ez dela nahikoa». Atal hori egonkortzeko egin den deialdi prozesua ez dela nahikoa gaineratu dute. Agintariei dagokionez, kritikatu du egitura operatiboa legealdi hasieran «oso kaskarra» zela eta orain are gehiago okertu dela. «Barne Zuzendaritza Nagusiak epe laburreko konponbideak baino ez ditu bilatu 2020-23 Plan Estrategikoan atzemandako akatsak zuzentzeko. Adibidez, gaur egun, buruzagitza operatiboen %50 aldi baterako okupatuta daude». Horregatik, Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du, baso suteekin ez delako egon aurreikuspenik, alerta-gaitasunik eta prebentzio neurririk. Sindikatuaren aburuz Suhiltzaileen Zerbitzua indartu eta berrantolatu beharko litzateke. Talde espezialista Adibidez, LABek aldarrikatzen du oihanetako suteak itzaltzeko eta prebentziorako talde espezialista bat sortu beharko litzatekeela. Gainera, helikopteroetan aritzen den taldean langile gutxiago daude, eta horrek erantzuteko gaitasuna murrizten du. «Egitura, langile eta antolakuntza gabeziei, babes- eta segurtasun-ekipamenduetan, parkeetan, ibilgailuetan eta ordainsarietan egindako inbertsioa hobetzeko beharra gehitu nahi diegu, 2002. urtetik aurrera suhiltzaileen kasuan gelditu egin baitira», aipatu du Urko Araizek.
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak