2020.04.26. Altuna-Zumeta familiak, Jose Luis Zumetari.

2020-04-26
Joxe Luis Zumetaren oroimenez Lau geltoki, bukaerarik gabeko ibilbidean ------------ BAT - Ez al zaizu gustatu, ama? - Ez duk itsusia, baina ez zekiat bada. - … - Aurpegi horiek-eta, aldrebesa edo arraro samarra iruditzen zaidak. Lotsa ere ematen zidak Katxekoei erakusteak. Motel, hik duan abilidadearekin, egiek koadro normalagoa. - Ez, ama, niretzat dagoen bezala da. Horrelaxe behar du. Iñaxik bezala pentsatuko zuen Batistak, baina ez zuen txintik esan. Ezagutzen zuten semea. Hala behar zuen. ------------ BI Joxe Luis ezin zen kabitu molde beti-betikoetan. Sortzailea izan. Urratu zituen bideak. Ikasi, probatu, eta esperimentatu zuen etengabe, beti kalitatea zainduta. Aurkitu zuen espresatzeko bidea, bere-berea, benetakoa. "Zer izen du? Zer esan nahi du?". Galdetu zioten behin eta berriz. "Zuri zer esaten dizu?". Erantzun zuen behin eta berriz. Izan ere, zentzurik ba al du hitzezko adierazpidea gehitzeak, berez mintzo denari? Eta izenik gabeko pieza artistikoen unibertsoak liluratu gaitu abstrakzioaz edo espresionismoaz ezer gutxi dakigunok ere. Eta gure munduan sartu da, eta eramanerrazagoa zaigu gure eguneroko katramila. ------------------ HIRU Galdetu zioten: "Zer egingo duzu jubilatzen zarenean?" Erantzun zuen: "Pintorea ez da jubilatzen behin ere. Zer egin behar du?" Eta azken eguneraino pintatu zuen. Hezurretarainoko pintorea izan. -------------- LAU 26 ditu 2020ko apirilak. Gaur ere sirena hotsak balkoietan. Malko itsatsi bat begietan. Hegazkin hiltzaileak oroimenean. Herri baten oroimina eta bizimina airean. Joxe Luisen obra hor dago, gutako bakoitzaren eta herri honen indarrari eta bizipozari adierazpidea emateko. Xabier Arregi Iparragirre Altuna-Zumeta familia
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak