Eskola kirola eraldatzen

2021-11-05
Informazio gehiago: https://zumaia.eus/eu/albisteak/bideoa-eskola-kirola-eraldatzen Ikasturte berriarekin batera eskola kirola aldaketaz beteta iritsi da. Hausnarketa luze bat eta gero, eta hainbat oinarri zehaztuta, 2021/2022 ikasturteko eskaintzan aldaketa batzuk txertatu ditu Eskola Kirolen batzordeak. Helburu nagusia da kirolaren bidez haurrak balio hezitzaileetan heztea. Hala, aurten izen-ematea urte osokoa eta orokorra izango da, eta beraz, haurrek ez dituzte kirolak aukeratu beharko. Horren ordez, eskola kirolean izena emanda kirol asko probatzeko aukera izango dute. Bestalde, lehia bestelako moduan ulertzen eta praktikatzen hasteko, emaitzari garrantzia kenduko diote. Aste barruan entrenamendu moduko saio orokorrak egingo dituzte -ez kirol konkretu bati lotutako entrenamenduak-, jolas eta ariketa fisiko desberdinen bidez. Asteburuetan, berriz, topaketak egingo dituzte eta kirol desberdinak probauko dituzte: mendizaletasuna, txirrindularitza, tenisa, piragua, pilota, jolas tradizionalak, igeriketa, patinak edota herri kirolak, besteak beste. Gainera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dekretuan zehazten denari jarraiki, kirol eskoletan izena emateko (futbol edo eskubaloi eskoletan, adibidez), haurrek nahitaez parte hartu beharko dute eskola kirolean. Modu honetan haurrak balio eta gaitasun ugaritan heztea da helburua. Ikasturte honetan behintzat, pandemia egoerak behartuta, taldeak gela eta maila kontutan hartuta antolatuko dituzte. Zentzu horretan, eskola txikietako haurrak izan dira kaltetuenak, ezingo baitute Herri Eskolako haurrekin egin. Dena den, zailtasunak zailtasun, Oikian talde bat osatzea lortu dute eta han bertan egingo dute eskola kirola. Eskola Kirolen batzordeak eskola kirola egiteko modu berria aztertuko dute uneoro, pixkanaka beharrezko aldaketak txertatzeko.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak