Aupa txoferra!

2010-12-29
Autobus gidari guztiak bereziak dira: Batzuk jenio bizia dute, beste batzuk goxoki mordoa jaten dute (xigarrorik ezean!...), baita bidaiarien artean banatu ere!, beste batzuk txango guztietan pelikula txar bera jartzen dute autobuseko pantailan, badira aukeran azkarregi gidatzen dutenak, edo alderantziz... Horien artean, bada bat Tolosako Laskorain Ikastolako haur, gazte, guraso, irakasle eta gainerako langileek asko maite dutena: Xabi Bihurri. Beti irribarretsu, musika alaia jarrita etortzen da geltokira umeen bila. Umeak autobusera igo bitartean, berak jaitsi eta bertan bildutako guraso eta aitona-amonak agurtzen ditu, kasu egiten dio txikiegia delako ikastolara ez doan haurrari ere, autobusera gustura igoko litzatekeena, eta kristalaren beste aldetik agur egiten dion anaiari penaz begiratzen diona. "Zu datorren urtean, bihurri!" Esaten dio. Eta norbaitek egun txarra badu, poltsikotik sudur gorria atera eta pailazo bihurtzen da! Denak igotakoan, bolantea esku artean, bozina jo eta badoaz, abentura berriak bizitzera! Guraso izan arren berriro ikastolan hasteko gogoa ematen du, katxiporreta! eta ikastolatik bueltan, autobusetik jaitsi aurretik muxu ematen diote haurrek, eta bihar arte agurtzen dute. Bera buruan sortu genuen iaz Aupa txoferra! abestia. Eta Xabi bezala egunero autobusaren bolantea eskutan lan egiten duten txofer maitagarri guztiak omendu nahi ditugu gure txokotik. Iruditan agertzen dena ez da Xabi, baina bai Bihurri hau ere! Maite zaituztegu, katxiporreta! Aupa txoferrak!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak