#Gzt19 | Aitor eta Galder Darocako espetxetik

2019-04-22
Kaixo gazteak! 40 urte dira herri honetako gazteriak beste pausu garrantzitsu bat ematea erabaki eta gazteon antolakuntza eta borrokarako tresna sortu zuela. Atzo, gaur bezala, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko hautua egiteagatik sistematikoki jazartuak izan gara gazteak eta izaten jarraitzen dugu. Antolatuta eta kolektiboki egin behar dugu borroka, aurrean dugun etsaiaren asmoak zapuzteko guztion indarra beharko dugu. Pentsatu, imaginatu, zer egiteko gai izango ginen oraintxe bertan, hemen, karpa honetan gauden guztiok, batera eta determinazioz joko bagenu. Urteurrenez urteurren, helburua ez da ezer ospatzea, ezta atzera begira zein polita eta borrokalaria izan zen amestu eta nostalgian itotzea ere. Kontrakoa, borroka urteurren bat da, aurrera egiteko urteurrena, apustu estrategikoan berretsi eta garaipenaren belaunaldia garela sinestekoa, herri eder hau askatasunera eramango duena. Horretarako berme bakarra herria izango da, herria izango gara, gazteak gara. Zelako erronka ezta? Eta zergatik ez dugu lortuko ba? Herriz herri urte luzetan gazte antolakundean ibilitako kideak batu ditugu, Ezker Abertzale barruan ilusioa berpiztu, turismo basatiaren inguruko eztabaida mahaigaineratu, prekarietatearen aurkako borrokaren motore izaten hasi gara, iraultza feministaren lehen pausoak eman ditugu ezinezkoa zirudien arren… Orduan, zein da arazoa? Zergatik ezingo dugu urte luzeetako borrokak ereindakoa jaso eta herri hau askatasunera eraman? Arazo bakarra herritarrekin batera ez egitea da, arazo bakarra ahoa hitz potoloz bete eta besteak baino iraultzaileagoak garela pentsatzea da, arazo bakarra nostalgian itotzea da, arazo bakarra gu bezala pentsatzen ez dutenak etsaitzat hartu eta ez konbentzitzea da; finean, kalean ez egotea da arazo bakarra. Baina gu ez gara holakoak, ez gara inoiz izan, gu herria gara eta, poliki eta txinaurri lanaz askapen prozesuan kapitulu berriak idazten gabiltza. Kapitulu hauetan, zoritxarrez, De Miguel, Ibedrola eta eliza katolikoaren lagunek, ordu txikitan eta indarkeriaz gu bahitu eta beste estatu batera entregatzera bidali zituzten zipaioak, PNVren txakur leialak. Ez dituzte zuek bezalako gazteak nahi, gu bezalakoak. Ustelkeria argitara eramaten dugulako; autogestioaz herriz herri proiektu handiak sortu ditugulako; prekarietatearen aurrean konformatu ez eta batera ekin dugulako; Euskal Herrian ikasi, lan eta bizi nahi dugulako; eta batez ere, oraina eta etorkizuna garelako, eta beraiek aldiz, iragana. Oso ondo pasa egun hauetan, asko ikasi eta irakatsi, herria eta herritarrak errespetatu, txandetara ondo agertu kabroiak eta berriz ere historia egin Topagune berezi honetan. Animo hurrengo Hauteskundeetan (guk iada bozkatu dugu, kartzelak duen abantaila). Animo hurrengo hilabeteetako erronkekin eta beti bezala egin irri eta izan gaiztoak. Guk hemen irri egin dugu abesti bat entzun dugunean, hau esaten duena: “Al final el que mas carcel paga es el funcionario”. Animo peña, beti zuzen, makurtu gabe! GORA EUSKAL GAZTERIA! GORA AITZINA ETA ERNAI! EUTSI GOGOR ETA JO TA KE! ZUEKIN GAUDE Aitor Zelaia eta Galder Barbado Darocako espetxetik, 2019ko apirilean
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak