Gutunak eta ikatza Tolosako Udalari eta Asuncion klinikari

2020-12-24
Tolosako udaletxearen aurrean elkartu da herritar talde bat, eta koplak abestu ondoren, gutuna irakurri dute Tolosako Udalari zuzenduta. "Aurten bereziki txintxoak izan gara eta desio batekin gatoz: gainontzeko eskualdeen neurriko osasun zerbitzua izatea, guk ere gure zergak pozik ordaindu ditzagun. Ea zuek ere datorren urtean etxeko lanak egiten dituzuen!", zehaztu dute gutunean. "Bestalde, elkartasun garaiak direla eta, auzokideen eskariei kasu egitea eskatu nahi dizuegu. Bada garaia Amarotzen botikina jartzeko!", gaineratu dute. Horren ondoren, gutuna eta ikatz zaku bat utzi dute udaletxearen harreran. Ondoren, Asuncion klinikaraino joan dira, eta bertan ere koplak abestu dituzte eta ondoren gutuna irakurri. Langileei lore sorta bat eskaintzen dietela azaldu dute, "bereziki egoera hau pairatzen ari zareten guztiei", eta eskertu egin diete bere lana. Klinikako zuzendaritzarekin, aldiz, kexu agertu dira gutunean: "Ez duzue gure osasun zerbitzua behar bezala bermatzen, eta gainera, oldarkor jokatzen duzue benetan zaintzen gaituzten langileekin". Hurrengo urtera begira zuzendaritzari eskariak egin dizkiote: "Gure zergak pozik ordaindu ditzagun, merezi dugun kalitatezko osasun zerbitzuak bermatzea, eta langileekin jatorragoak izatea". Ondoren, Asuncion klinikako harreran, bertan zeuden langileei lore sorta eskaini diete, eta gutuna eta ikatza zuzendaritzari helarazteko eskatu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak