UDALETIK 01-24

2019-01-24
LEKEITIOK HAINBAT BERRIKUNTZA AURKEZTU DITU FITURREN Lekeitio asteon FITURren izan da 2019an izango dituen eskaintza eta berrikuntzak aurkezten. Madrilen egiten den nazioarteko turismo azoka ospetsu honetan, hainbat ekimen azaldu ditu Udalak, horien artean, aste santuetarako martxan egongo den “LekeitioRoute” izeneko mugikorretarako aplikazioa. Teknologia berrien eran gaude eta ondorioz, turismoa egiteko eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu egin dira. Era berri honekin bat eginez, “LekeitioRoute” sortu da, gure herriko gune ezberdinak eta hainbat ibilbide ezagutzeko gida turistikoa. Aplikazio berritzaile honek, ahots zein testu bidez azaltzen ditu Lekeitioko kaleen xehetasun eta istorioak. Era berean, turismoko webgune barria eta material desberdina ere erakutsi da Fiturren. KONPONKETA LANAK DIRELA ETA, EUSEBIO MARIA DE AZKUE KALEA MOZTUTA DAGO Trinkete Etxea eta Zapaterito frontoiaren artean dagoen bidean, bat batean zuloak sortu izan dira eta nahiz eta zuloak estaltzeko lanak egin, zuloek agertzen jarraitu izan dute gune horretan. Gertaera hauen zergaitia jakiteko eta arazoa aztertu nahian, saneamendu sarean kamerak sartu ziren eta saneamendu hodia guztiz apurtuta zegoela ikusi zen. Horren ondorioz, urak lurra garbitzen du eta zuloak sortzea eragin. Beraz, egunotan, Trinkete Etxeko taberna aurretik eta Zapaterito frontoiraino doan hodia aldatuko da eta arketa berria egin. Aipatutako lanak egiteko, Eusebio Maria de Azkue kalea printzipioz otsailaren 8ra arte zarratuta egongo da. Kale mozketa dagoen bitartean, Santa Katalina kaleak 7 zenbakitik 21era arte (palmerara arte) norabide bikoitza izango du. Trafikoa semaforoen bidez zuzenduko da. 30. KALEKAN PARTE HARTZEKO 475 ARTISTA AURKEZTU DIRA Kalekaren 30. edizioa prestatzen hasia da Lekeitioko Udala. Duela hilabete batzuk itxi zen proposamenak aurkezteko epea eta guztira 475 konpainia, artista eta kolektibok aurkeztu dituzte haien lanak! Euskal Herriko taldeez gain, estatuko eta nazioarteko artista ugari daude. Antzerkiak, su ikuskizunak, malabarismoak, tailerrak, ikuskizun ibiltariak edota dantzak aurkitu ditzakegu aurkeztutako proposamenen artean. Uztailaren 18tik 21era ospatuko den KALEKAn parte hartzeko, aurkeztutako lanen artean aukeraketa egin behar da orain eta…., ez da batere erraza izango, baina, urtero bezala punta puntako taldeak izango dira KALEKAKO 30. edizioan. ZATOZ LILATOIRA LEKEITIOKO UDALAREN ESKUTIK! Pasa den urtean lehen aldiz jarri zuen Lekeitioko Udalak Lilatoira joateko autobusa. Aurten ere hala izango da eta horrez gain Donostian martxoaren 10ean ospatuko den lasterketan izena ematea Udaletik gestionatuko da. Izena ematean Lilatoirako inskripzioa, pultsera solidarioa eta autobusean joan etorriko bidaia sartzen dira, Kiroldegiko bazkideentzat 12 euro izango da eta ez bazkideentzat 16€. Beraz, animatu eta zatoz kirolean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzera. ASTEBURUAN: ANJE DUHALDE ETA HEZKUNTZA JARDUNALDIAK Bihar, urtarrilak 25, arratsaldeko 20:30etan Anje Duhalderen kontzertua izango dugu Ikusgarri aretoan. Sarrerak salgai kultur Etxean eta Traolan eta baita kontzertua hasi aurretik takillan. Ez galdu aukera! Animatu eta eskuratu zure sarrera soilik 12 euroren truke! Asteburuan, berriz, Azkue Ikastolak hezkuntza topaketak egingo ditu. Bihar eta zapatuan, euskal hezkuntza sistemaren gainean hausnartzeko mahai inguru eta hitzaldiak egingo dituzte.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak