UDALETIK 03-14

2019-03-14
OSOKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK Aurreko astean izandako Osoko Bilkuran hainbat erabaki onartu ziren. Alde batetik, San Andres auzoko Eremu Degradatuan dauden fatxaden birgaitze-obren gaineko zergari %60ko hobaria aplikatuko zaio eta irisgarritasuna hobetzeko obren gaineko zergari %90ekoa. San Andres auzoa “lehentasunezko eskuhartze gunea edo eremu degradatua” izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Izendapen honen filosofiarekin jarraituz, Udalak etxebizitzetan bizigarritasun eta gutxieneko irisgarritasun baldintzak bete eta eraginkortasun energetikoaren aldeko neurriak bultzatzeko hobari hauek onartu ditu. Bestalde, udal langileen soldatak %2,25 igotzea onartu da, EUDELek proposatutako gomendioak jarraituz, 2019ko langileen ordainsariak legez onartzen den gehienekora igoz. MUSIKA ESKOLA EGOKITZEKO LANEN LIZITAZIOA IREKITA Eliz Atea kalea 10ean kokatutako udal eraikinaren zati bat Musika Eskola bezala egokitzeko obren I. fasearen lizitazioa argitaratu da. Kontratu honen xede diren obrak burutzeko 10 asteko epea izango da eta 2019ko ekainaren 24tik irailaren 6ra egitea aurreikusten da. Kontratuaren aurrekontua 128.172,92 eurokoa da. Lan horietan eskolak bere beharrak bete ahal izateko beharrezkoak diren lanak egingo dira. Proposamenak aurkezteko azken eguna apirilaren 3a izango da. Informazio gehiagorako jarri kontaktuan Lekeitioko Udalarekin. URIBARREN ABAROA EGOITZAREN 150. URTEURRENA Uribarren Abaroa Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, 1869. urtean eratua. Denboraren poderioz, gizartearen behar eta eskaeretara moldatzen joan zen, eta 1978an Egoitza bihurtu zen, mendekotasun arriskuan dauden adineko pertsonei arreta emateko helburuarekin. Aurten, 150. urte bete ditu fundazioak, eta, hori dela eta hainbat ekimen antolatu dira, horien artean bi lehiaketa. Urteurren berezi hau ospatzeko, urte guztian zehar egingo diren hainbat ekintza antolatu ditugu. Ekitaldi nagusia irailaren 14an egingo da, familia eta langileen egunean. Pintura lehiaketa bat ere antolatu dugu, nahi duten guztiek parte hartu dezakete eta apirilaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Lehiaketaren oinarriak www.uribarren.es-en aurkitu ahalko dituzue. Uribarren Abaroa Fundazioaren urteurrena irudikatzen duten pintura lehiaketak hainbat kategoriatan banatutako sariak izango ditu. Urteurren berezi hau Lekeitioko herriarekin batera ospatzea da helburua, hori dela eta fundaziotik parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. OHARRA: HERRI LANEK ERAGOZPEN TXIKIAK SORTU DITZAKETE Herrian martxan dauden lanak direla eta, egunotan baliteke ibilgailuen trafikorako kale mozketak egotea. Eusebio Maria Azkue kalearen berrurbanizazio lanekin jarraitzeko, aste honetatik aurrera aparkaleku batzuk kenduko dira Maria Diaz de Haro kaleko bidegurutzetik Juan Bautista Eguzkitza kaleko bidegurutzeraino. Bestalde, Mª Diaz de Haro kaleko aparkalekuaren ingurua oinezkoentzat hobetzeko lanak ere hasi dira eta gune honetako aparkaleku gutxi batzuk ezin izango dira erabili lanek iraun bitartean. Era berean, Santa Katalinako pasealekuan, Eliz Atea eta Harbiatx kaleetan ere lanek aurrera jarraitzen dute eta trafiko mozketa txikiak egon daitezke. Posible den momentuan bueltatuko da normaltasuna aipatutako kaleetan. Barkatu eragozpenak. LEKEITIOKO OSASUN ZENTROAK HITZALDIA EMANGO MARTXOAREN 20an Lekeitioko Osasun Zentroko langileek herritarrei zuzendutako hitzaldia emango dute martxoaren 20an, bertan Kopagoa, Etxeko botika-kutxa eta Osasun karpetaren inguruan hitz egingo dute horretan adituak direnek. Hitzaldia arratsaldeko 18:00etan egingo da Kultur Etxeko Azkue aretoan. Bestalde, Ene Kantak-en “SatorJator” ikuskizuna egingo da martxoaren 24an! Lehenengo saioko sarrera guztiak ordu gutxitan agortu ondoren, bigarren saio bat egingo da egun berean 18:30etan! Sarrerak salgai Kultur Etxean arratsaldez eta Traola estudioan 10 euroren truke. Ez galdu aukera eta lortu zurea! Eta amaitzeko, gogoratu Nogen taldearen kontzerturako sarrerak salgai daudela Kultur Etxean arratsaldez eta Traola estudioan, 10 euroren trukean. Talde donostiarrak Ikusgarri zine aretoan emango du kontzertua apirilaren 19an, arratsaldeko 20:30etan! Zatoz eta lortu zure sarrera!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak