UDALETIK 04-05

2018-04-05
1.- TINGLAU MUTURREKO OBRAK DIRELA ETA PASEOA ZARRATU EGINGO DA Hurrengo egunetan tinglauko paseoa zarratuko da, honen muturreko zimentuaren sendotze eta egonkortze lanak egiteko. Azken urteetako denboraleek eta ur korronteen ondorioz tinglauak ezbeharrak jasan ditu. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak zuzendutako lanak egun gutxi batzuk barru hasiko dira eta hiru hilabeteko luzera izango dute. Tarte honetan, tinglatuko pasealekua itxita mantenduko da, goiko zein beheko ibilbidea. 2.- HONDARTZAINEN LAN-POLTSA IREKIKO DU FORU ALDUNDIAK Apirilaren 9tik 20ra kurrikulumak aurkezteko epea zabalduko da Bizkaiko hondartzetan hondartzain bezala lan egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako lan-poltsa honetan aurkeztu nahi diren hautagaiek 18 urte edo gehiago izan beharko dituzte, taldean lan egiteko gaitasuna, auto gida-baimena eduki eta euskaraz hitz egiten jakin beharko dute. Interesatuek haien kurrikuluma bidali dezakete hondartzaina@ingure.net helbidera. Informazio gehiago 94 471 30 14 telefono zenbakian. 3.- GAZTE DUATLOIA, DOMEKAN Garraitz kirol taldeak Gazte Duatloia antolatu du domeka honetarako, goizeko 11:00etatik aurrera, plazan. Bertan, 9 eta 14 urte bitarteko gazteek izango dute parte hartzeko aukera. Parte-hartzen duten guztiek jasoko dute oroigarri bat duatloi amaieran. Baina batzuek, gainera, sari berezi bat jasotzeko aukera ere izango dute. Eman izena garraitz@garraitz.com helbidean, 630 680 187 telefono zenbakira deituta edota domekan bertan 10etan plazan aurkeztuta. Anima zaitez! 4.- MENDEXA ABENTURA PARK-EK ATEAK IREKIKO DITU ASTEBURU HONETAN Mendexa Abentura Park-ek bere ateak irekiko ditu asteburu honetan, apirilaren 7 eta 8an. Gainera, denboraldi irekiera ospatzeko sarrerak erdi prezioan jarriko dituzte. Bertan, 4 zirkuitu aurkitu daitezke, tirolina, Tibeteko zubi eta lianaz osatuta. Lekeitiotik 4 kilometrora kokatuta, Mendexako zuhaitz parkeak adin guztietako pertsonentzako erronkak ditu. Parkea 10:30etatik 19:00etara egongo da irekita eta azken txanda 17:00etan hasiko da. Hori bai, aukera honetaz baliatzeko, aurretiaz txanda eskatu beharko da mendexapark.com webgunean. ZINEA READY PLAYER ONE 2045ean da, mundua hondamena da. Mundu mailako depresio itzelaren erdian jendeak ahal duen bezala dirau. Hala ere, OASIA deitutako errealitate birtualeko bideo-jokoak pertsonek behar duten iheserako bidea eskaintzen du. Jendeak jokoari bizitza erreal berari baino denbora gehiago eskaintzen dio. Wade Watts mundu errealetik ihes egitea gustatzen zaion nerabea da. "Oasis" du ihesbide. Egun batean, OASISen sortzaile bitxi eta izugarri aberatsa hil egiten da, eta bere ondarea altxorraren bilaketa bateko irabazlearentzako uzten du. Wadek, saria eskuratzeko, aurre egin behako die hainbat lehiakide errukigaberi. EGURALDIA LARUNBATEAN TENPERATURAK BEHERA EGIN ETA EURIA ITZULIKO DA. Gaur udaberriko giroa nagusitu da eta termometroak 20 ÂșC-ren bueltan ibili dira. Goizez hodeitza saretuz joan da eta giro argia nagusitu da. Ostiralean tenperaturak igotzen jarraituko du. Egunean zehar giro eguzkitsua nagusituko da, baina arratsalde-gau partera haizeak ipar-mendebaldera egin dezake eta zaparrada bakanen bat bota lezake. Larunbatean giro nahasiagoa eta tenperaturen jaitsiera nabarituko da. Termometroek nabarmen egingo dute behera. Horrez gain, zerua ia estalita agertuko da eta euria egingo du. Igandean euri kontuekin jarraituko dugu eta tenperaturak zertxobait igoko dira. Datorren astea giro euritsuarekin eta tenperatura hotzekin hasiko dugu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak