Nora Salbotx: "Egungoa ez-nahikotzat jo eta euskal eskola herritarra eraikitzera jo beharko genuke"
2018-05-15
Plaza Hutsak hezkuntzari begirada patxadatsua eman diogu gaur, Baztanen bizitza erdia daraman iruindar batekin solasean, Nora Salbotxekin. Pedagogo honek hezkuntzan eskarmentu handia du eta eskola txiki bateko irakaslea da, baita Unibertsitatekoa ere. Eskala txikia eta handia barru-barrutik ezagutzen ditu, baita esparru formala eta informala ere.
[Norari galderak edo ekarpenak egin nahi badizkiozu sartu www.facebook.com/plazahutsa orrialdean. Astelehenean erantzungo die galdera guztiei]
Batzuen iritziz hezkuntza tresna eraginkorra da statu quo-a iraunkortzeko, baina horrekin batera bada hezkuntzari buruzko beste ikuskera bat, potentzial handia duena Salbotxen iritziz: pertsonen zein herrien emantzipaziorako tresna ere bada hezkuntza. Haurrek eta nerabeek denboraren 20% ematen dute eskola arautuan edo eskolaz kanpoko ekintzetan. Gainerako %80 bizitzen pasatzen dute, eskola arautu horretatik kanpora, eta hor ere ikasten ari dira. Hezkuntzaz hitz egitean ikasgelan jarri ohi fokua eta Nora Salbotxek ardatz hori desplazatzea planteatzen du, alegia, haurren inguru hurbilean gertatzen denari erreparatzea.
Nora Salbotx segregazioez ere sakon mintzatu da. Segregazioez, pluralean. Euskal Herrian klase/jatorriarekin zerikusia duen segregazioaz hitz egin ohi da. Segregazio hori hezkuntza formalagotik harago doa. Aniztasuna askotan aberastasuna dela esan ohi bada ere, hezkuntza formalak, orohar, ez du jakin izan aberastasun hori ongi kudeatzen. Horrez gain, genero segregazioa ere existitzen dela gogoratu du, egun legez posible baita generoaren arabera segregatzen duen ikastetxe bat diruz laguntzea. Beste segregazio batzuk ere aipatu ditu, hala nola, aniztasun funtzionalena, hizkuntzarena... Hori guztia gainditzeko, sareak ehundu eta sinergia berriak sortu behar dira, Salbotxen iritziz. Begira diezaiegun, beraz, hori gainditzeko nahia duten ikastetxeei, balore batzuk abian jarri nahi duten hezkuntza proiektuei (pedagogia feminista, inklusibitatea, kultur aniztasuna, elikadura burujatza, partaidetza, harreman ez bortitzak eta abar).
Herri honetan hezkuntzaren inguruan gertaera epiko asko ditugu, ahaztu zaizkigunak. Euskal Herrian hainbat pasarte inkonformista egin dira herri gisa hezkuntzaren alorrean, baita ikastolak sortu aurretik ere. Eskaini diguten publikotasunak ez gaitu asetzen. Egungo eskola publikoak eskaintzen diguna ez nahikotzat jo du Salbotxek, ez baita auzolanean herritik sortu eta Estatuko lege organiko baten pean baitago. “Goazen euskal eskola herritar baterako bidea proiektatzera”, adierazi du.
Ezin dugu herri gisa eraiki hezkuntza sistema bati buruzko diskurtso mugaturik. Guk eraikiko dugun diskurtsoan lurraldetasunaren frogari eutsi behar diogu, herri osoaren premiei erantzun behar diogu: Baxoa ezin da euskaraz egin oraindik, Lodosako ikastolak eginahalak egiten ditu bizirauteko, eta Bilboko San Frantzisko auzoko eskolan klase/jatorri segregazioa are gordinagoa izango da. Horiei guztiei eta beste batzuei erreparatu behar diegu, bere esanetan.
Hik Hasi euskal heziketarako egitasmoaz ere jardun du Nora Salbotxek. Hik Hasi-k zoru etiko bat eskaini nahi izan dio euskal hezkuntzari: nazio mailako adostasun minimo bat lortu nahi du hezkuntza izan behar denari buruz, nahiz eta Euskal herritar gisa kosta egiten zaigun. Hezkuntza formaletik harago, hezkuntza herri osoaren ardura da Hik Hasi-ren arabera. Horregatik ematen dio garrantzia haurrei entzuteari, euskalduntzeari, inklusibitateari, feminismoari, partaidetzari...
Gerora begirako erronkez hitz egin du. Herritar gisa proiektatu behar dugula uste du, jende aktibo, inkonformista, eraikitzailea nahi du Salbotxek. Hezkuntzatik ere asko dugu eraikitzeko Salbotxen arabera. Euskal Herrian komunala izango litzatekeen euskal eskola herritarrarekin egiten du amets, denon artean pentsatu eraiki eta zaindu beharko genukeen eskolarekin.
www.plazahutsa.eus
@plazahutsa