UDALETIK 09-20

2018-09-20
1.- ISUNTZA ACT LIGARA IGO DA! Isuntza, arraunaren gorengo mailan izango da hurrengo denboraldian! Lekittarrak asteburu aparta izan du igoerako playoff-etan. Bermeoko estropadan lehenengo postuan geratu ostean, Portugaleten igoera ziurtatu zuten gure arraunlariek. Esfortzu eta sakrifizio handia egin eta gero, azkenean denbora luzean bilatutako helburua lortu zuten domekan Isuntzako arraunlariek. Merezitako ospakizunetan emozio malkoak, poztasuna eta lortutakoa lekittarrekin partekatzeko gogoak ikusi ahal izan genituen. Haien hitzetan argi ikusi dezakegu, ACT mailara igotzeko sufritu egin behar da. Baina azkenean Lekittarra traineru onenen artean izango da hurrengo denboraldian. Arraunlariek esfortzu handia egin dute, noski, baina haien atzean egon direnek ere lan aparta egin dute urtean zehar eta dagoeneko hurrengo denboraldiarekin pentsatzen hasita daude. Herritarrek plaza bete zuten  arraunlariei egin zitzaien harreran, Eskerrik asko eta zorionak merezitako garaipenagatik! Hurrengo denboraldian ACT ligan ikusiko gara! 2.- HIRI-ANTOLAMENDUKO PLAN OROKORRAREN HASIERAKO ONARPENA Abuztuaren 31n egindako Osoko Bilkuran, gehiengo osoz, Lekeitioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari hasierako onarpena eman zitzaion. Udalerriko lurzoruaren erabilerak definitu eta arautzen dituen plan honen helburua, Lekeitio modu adeitsuan garatzea da, bertan bizi, lan egin eta aisialdiaz gozatzeko ingurugiroa sortuz. Hau da, bizi kalitatea hobetzea. Alde batetik, orain indarrean dauden arauek 20 urte baino gehiago dauzkatela kontuan izanda eta bestetik, egindako parte-hartze prozesuetan mahairatu diren beharrizanek, arau horiek eguneratu beharra dagoela erakutsi dutenez, emaitza, dokumentu berri hau idaztea izan da. Espediente osoa, Plan Orokorrari dagokion dokumentazioa eta baita ingurumen azterketa estrategikoa, jendaurrera ikusgai egongo dira azaroaren 14ra arte web orrian eta Udal Bulego Teknikoan, herritarrak jakitun geratzeko eta interesik badute, dokumentua aztertu eta alegazioak aurkezteko. 3.- IGERILEKUA URRIAREN 1EAN IREKIKO DA Lekeitioko igerilekua urriaren 1ean irekiko da berriz, azken asteetan egindako hobetze lanak amaitu ostean. Egunotan, igerilekuko egituran inpermeabilizazio lanak egiten ari dira. Gainera, denbora eta erabilerarekin sortzen diren ezbeharren konponketa eta mantentze lanak ere egin dituzte, horien artean, aldageletako hormak margoztu edota behegainea konpondu, azken batean, erabiltzaileentzako kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Hori horrela, igerilekua urriaren 1ean irekitzea aurreikusten da. Ordura arte, abonatuek Ondarru eta Markinako igerilekuak erabili ahalko dituzte, beti ere abonatu txartela erakutsiz. 4.- ASTEBURUAN ONDARRU-LEKITTO LASTERKETA, OPERAREN INGURUKO HITZALDIA ETA VI. DZANGA ITSAS KAYAK TXAPELKETA Asteburuan hainbat ekintza izango ditugu aukeran. Hasteko, bihar, ostirala, operaren mundua barrutik ezagutzeko “tras el telón” izeneko hitzaldia egingo da Ikusgarri aretoan arratsaldeko 7etatik aurrera eta guztiz doan. ABAO-OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkartearen eskutik, opera bat nola sortzen den ezagutu ahalko duzue, eszenatokian egoten diren artistak,  teloiaren atzean aritzen diren langileak,…. Animatu eta ezagutu opera barrutik! Zapatuan berriz, III. Ondarru-Lekitto lasterketa ospatuko da arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Tximista atletismo taldeak antolatuta, lasterketak 16 kilometro izango ditu, Ondarroan hasi eta Lekeition amaituko delarik. Parte hartzaileek gainera, autobus bereziak izango dituzte kofradia aurrean, Ondarroara joateko. Eta asteburua amaitzeko, domekan, Lekeitioko Dzanga piragua taldeak antolatutako VI. Dzanga Itsas Kayak txapelketa izango dugu 12:00etatik aurrera Isuntza hondartzan. 5.- EUSKAL ZINE BILERA BOLUNTARIO BILA DABIL! Euskal Zine Bilerak boluntario talde bat sortu nahi du urriaren 6tik 12ra ospatuko den edizio berrirako. Zinemagile, ikasle, profesional eta, oro har, zinemazaleen bileran sortuko diren koordinazio lanetan esku hartzeko boluntarioak behar dira. Izen ematea irailaren 24ra arte egongo da zabalik. Beraz, 18 urte edo gehiago baduzu eta zinemaren mundua ezagutzeko gogotsu bazaude, eman izena zinebilera.eus webgunean!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak