BEA ILARDIA // Azaroak 25 // Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna //

2022-11-24
Emakumeoi betidanik esan digute ordu txikitan kaletik bakarrik ez ibiltzeko, eta sarritan, beldurra sentitu dugu etxerako bueltan. Pasa den udan areagotu egin zen izu hau, ziztada bidezko erasoen harira sortutako asaldurak emakume gazteen beldur sexuala areagotu egin zuen. Bestalde ere, sumisio kimikopeko erasoei buruz luze hitz egiteko abagunea eman zuen horrek, hedabide zein sare sozialetatik etengabe mezu berdina jasotzen genuen bitartean: kontuz ibili festa giroan. Oso sendoa da gau giro edo festa giroaren baitan sortu den narratiba eta denok sinistu dugu sexu-eraso bat egiten badigute gauez izango dela, parrandatik etxera bueltatzen ari garela, kalezulo batean, ezagutzen ez dugun gizon batek egingo digula eta indarkeria basatia erabiliko duela. Baina Bea Ilardiak diosku hori ez dela errealitatea, bortxaketa errealaren mitoa baizik. Baita espazio publikoaren mitoa ere, eta biktima errealaren baitan sortutako irudizko ideia. Hortaz, zein da benetako errealitatea? Eta zein helbururekin gizarteratu da diskurtso hori? Bea Ilardiarekin, indarkeria sexualean aditua den abokatu feminista, gai hauei buruz solasteko parada izan dugu. Sexu-erasoen errealitateaz ez ezik, horrelako bat ematen denean irekitzen den prozesu juridikoaz eta emakume erasotuek prozesu hauek nola bizi dituzten ere hitz egin dugu. Baita egungo sistema patriarkalak birproduzitzen jarraitzeko baliatzen dituen “salaketa faltsuen” mitoaz ere. Indarkeria matxistak forma ezberdinak har ditzake eta sexu-erasoak azaleko indarkeria dira, ikusi eta antzeman ditzakegunak. Dena den, emakumeok egunerokotasunean indarkeria mota ezberdin asko pairatzen ditugu eta akats larria litzateke sexu-indarkeriari edo zuzeneko indarkeriari soilik erreparatzea; edota hori bakarrik izendatzea indarkeria matxista gisa. Azaroaren 25ean, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren aurkako egunean, EGKtik indarkeriarik gabeko gazteria bat nahi dugula aldarrikatzen jarraitzen dugu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak