Euskaraldiak badu hamaikakoa Nafarroan ere

2018-06-14
Iruñean aurkeztu dute 'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' egitasmoaren Nafarroako hamaikakoa. Asteazken goizean bildu dira Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuaren egoitzan talde eragilea osatuko duten kideak: Oier Sanjurjo futbolaria, Julian Iantzi telebistako aurkezlea, Edorta Salvador okina eta sukaldaria, Zuriñe Hidalgo abeslaria, Nerea Egozkue modeloa, Nerea Fillat Katakrakeko kidea, Mikele Grande Uharteko gaztea, Mikel Idoate enpresari eta pilotari ohia, Juan Kruz Lakasta kazetaria eta Saioa Jaurena errugbi jokalaria. Haiekin batera izan dira egitasmoa Nafarroan kudeatzeaz arduratzen direnak: Euskaltzaleen Topaguneko kide eta Euskaraldiaren Nafarroako koordinatzaile Oskar Zapata, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, eta Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi. Herrialde bakoitzeko hamaikakoen egitekoa izango da Euskaraldia herritarren artean sustatzea, era aktiboan parte hartzea eta horren berri ematea. Herritarren hizkuntza ohituretan eragitea da Euskaraldiaren helburua: aukera dagoenean euskaraz egitea. Ahobizi eta belarriprest rolak zehaztu dituzte horretarako. Herritarren aldaketa bultzatu nahi dute, beraz, eta taldean egin nahi dute. Urte erdi falta da 11 eguneko erronka martxan jartzeko, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo dute, eta jadanik 340 bat udalerrik eman dute izena parte hartzeko. Batzordeak sortzen ari dira herri horietan, Euskaraldia prestatzeko: euskalgintzako eragileak eta instituzioak bildu dituzte. Norbanakoen aldaketarako uste baitute ezinbestekoa dela entitateen babesa ere.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak