6 Lezama | Gogoaren indarra

2020-09-10
Lezaman dago Athleticen kirolgunea, San Mames zaharreko arku ta guzti. Hauxe da Athleticen bihotza eta arnasgunea, harrobia, taldearen oinarri nagusia eta mundu osoan Euskal Herriaren erakusgarria. Kirolgune hau 1971n inaugurau zan, Felix Oraa presidente zala. Hasieran talde nagusiaren entrenamentu zelaia zan, baina laster baten jarri zan martxan Lezamako harrobiaren futbol-eskolea be, eta horretan Athleticeko buruzagiak aurrendari izan ziran. Orduko lekuko bikainak doguz taldearen tantai nagusietako batzuk, Jose Angel Iribar, eta Manolo Delgado. Athleticeko familia handian ezin itxi aitatu barik Loidi-Barrutiatarrak, eta bereziki Juan Cruz eta Bitori, ia hamazazpi urtez Lezamako kirolguneko gorputz eta arima izan ziran-da. Baina Athleticen gurariak amaibakoak dira, eta lehen ames hutsa zana, laster egi bihurtuko da: zelai barriak eta lehoi-kumeentzako erresidentzia. LEZAMAN PELOTAN, ESKU-HUTSIK Lezaman, kirolen artean, eskupelotea da tronkala. XX. mende-atarian frontoia egin zanetik, pelotarako afizinoa laster zabaldu zan herrian ume, gazte eta helduen artean. Orduan teilatu bakoa zan frontoiari 1959an ipini eutsien kapelea. 1952an Pelota Batzordea sortu zan, Jon Etxebarria buru zala eta handik urte bira, Eskualdeko torneoa antolatzen hasi ziran. Inguru honetan, Mungiakoagaz batera, txapelketarik garrantzitsuena izan da, eta era berean pelotari askorentzat profesionaletara jauzia egiteko tranpolina. Garai desbardinetako puntarengo pelotariak Lezamatik pasau dira. Baina goazen atzera eta gogoratu daigun zelangoa zan orduko giroa. 1972an Pelota Alkartea sortu eben sei-zortzi lagunek, talde buru Jesus Aurtenetxe zala, eta sei urteko etenaren ostean, barriro be herriko torneoa martxan jarri eben. Pelota-eskolea be sortu zan. 1990eko hamarkadatik aurrera Lezamako eskupelotearen urrezko sasoia etorri zan. Ibilbide luze honetan, Lezaman, eskupelotearen alde egin-ahalak eta bi egin dabezan lagun asko aitatu beharko geunkez, baina ezin danak hona ekarri. Euren izenean profesionaletara heldu diran herriko zazpi pelotariok gogoratuko doguz: Jesus Aurtenetxe, Juan Mari DaƱobeitia, Luis Mari Barrena, Honorio Vicente, Ander Oliden, Iker Amarika eta Txaber Zabala. Zorionak eta mila esker eskupelotearen alde lan egiten dozuen guztioi!! Eskupelotea da, euskaldunok, nor garan adierazteko daukagun jokorik garbiena.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak