UDALETIK 10-04

2018-10-04
1.- LEKEITIOKO EUSKAL ZINE BILERA ZAPATUAN HASIKO DA Urriaren 6tik 12ra bitartean Euskal Zine Bileraren 41. edizioa izango dugu. Aurtengoan, berrikuntzaz beteta etorriko da eta zinearen arlo desberdinak landuko dituen atalak izango ditu. Iaz 40 urte bete ostean, aurten Euskal Zine Bilera berrinterpretatu egin da, proiektua berritu eta aurrera pausoak ematen jarraitzeko. Zapatu honetan egingo den Euskal Zine Bileraren hasiera ekitaldian, Begirada saria emango da eta ondoren, Telmo Esnal zuzendariaren “Dantza” filma proiektatuko da. Sarrerak 4 euroko prezioa izango du. Era berean, urriaren 8tik 11ra bitartean, lehiaketan parte hartzen duten 20 filmak emango dira arratsaldeko 20:00etatik aurrera, guztiz doan. Sari hauek urriaren 12an ospatuko den amaiera ekitaldian emango dira. Bestalde, egun berean, urriak 12, 10:00etik 20:00etara bitartean Barandiaran aretoan, Lekeition edota lekeitiarrek filmatutako irudiak bilduko dituen “Lehen Irudiak” erakusketa ikusgai egongo da. Erakusketa“Atzo8” proiektuaren parte da. (Atzo8ko bideoa sartu). 2.- LEKEITIOKO UDALAK ETA MUSIKAIAK LANKIDETZA HITZARMENA SINATU DUTE Lekeitioko Udalak eta Musikaia musika elkarteak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute gaur. Akordio honen bidez, Lekeitioko herritarrei zuzendutako musika formakuntza eta zaletasunari bultzada eman nahi zaio, herriko musika tradizioa galdu ez dadin. Musika Eskola, Lekeitioko musika talde ezberdinen harrobia izatea ere lortu nahi da. Hori horrela, Lekeitioko Udalak Musika Eskola lagundu eta sustatu nahi du. Gainera, Musika eskolak kurtso berri honetan, Gaztegunean izango du egoitza, aisialdi zerbitzuaren ordutegia eta musika eskolarena bateragarriak direlarik. 3.- GAZTEGUNEAK BERE ATEAK IREKIKO DITU ASTEBURUAN Lekeitioko aisialdi eskaintza handitzeko helburuarekin, Gaztegune zerbitzua martxan jarriko da berriz ere asteburu honetatik aurrera. Gainera, domekan 18:30etan Blue Magoaren ikuskizuna izango dugu. Era berean, ume zein gazteek astero hainbat ekintza eta jolas izango dituzte bertan. 6-8 urte bitarteko umeak, zapatu eta domekan 17:30etatik 19:30tara bitartean egon ahalko dira kidegunean. 9-11 urte bitartekoek aldiz, zapatuetan 18:00etatik 21:00etara eta domeketan 18:00etatik 20:00etara. Eta azkenik, 12-16 urte bitarteko gazteak, zapatuetan 19:00etatik 22:00etara eta domeketan 18:00etatik 20:30etara izango dute gaztegunea zabalik. EGURALDIA Gaur Eguna hotzetik hasi dugu. Gainerako orduetan giro eguzkitsua gailendu da, ekialdeko haizea ibili da eta tenperatura maximoak bizpalau gradu igo dira. Ostiralean hego-ekialdeko haizea ibiliko da, bero handiagoa espero dugu eta maximoek 25 ºC-ak gaindituko dituzte. Eguzkia izango da nagusi baina arratsaldean brisa sartuko du eta baliteke horrekin batera behe-hodei batzuk gerturatzea. Larunbata giro eguzkitsuarekin hasiko dugu; arratsaldean ipar-mendebaldeko haizea sartuko du kantauri isurialdean. Haize hori dela eta, hodeiak ugarituko dira bertan. Tenperaturan aldaketa handirik ez. Igandean itsasotik fronte hotz batek gure lurraldea zeharkatuko du eta euria eta hotza ekarriko digu. Elur maila ere behera egin eta 1300 metrotan kokatuko da. Itsasoaren egoera ere asko zakartuko da eta 3 metrorainoko olatuak espero ditugu. Hurrengo astea euri arrisku txikiagoarekin baina hodei askorekin eta tenperatura freskoekin hasiko dugu.
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak