UDALETIK 01-10

2019-01-10
BURDINOLAK BERE 40. URTEURRENA OSPATU DU Burdinolak 40 urte bete ditu, laborategien diseinu eta fabrikazioan erreferente bilakatuz. Eta urteurren berezi hau ospatzeko, gaur Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia sailburua ere izan dira Burdinolako egoitzan. 1978an sortuta, Burdinola 100 langiletik gora dituen kooperatiba da, laborategiak eta hauetan aurkitzen diren altzariak sortzen lan egiten duena. Azken batean zientziarekin lotutako eraikinetan beharrezkoak dituzten instalakuntza konplexuak garatzen dituzte. Produktuen ekoizpenean, ingurugiroa eta langileen segurtasuna oinarri duen Burdinolak lan postu asko sortu ditu eskualdean eta mundu mailan bere sektoreko erreferente bilakatu da 40 urte hauetan zehar. ELIZ ATEAKO II. FASEKO LANAK HASI DIRA ASTE HONETAN Eliz Ateako urbanizazio lanek aurrera jarraitzen dute eta, aste honetan bigarren faseko lanak hasi dira. Aurretik egindako lanei jarraipena emanez, urbanizazioaren goiko aldearen argiteria, elektrizitatea, ur hornikuntza eta saneamendu instalakuntzak berriztuko dira fase berri honetan. Era berean, espaloia berriztuko da irisgarritasuna hobetzeko eta oinezkoen segurtasunerako. Gogoratu, aurreko hilabeteetan egin diren obren artean, kalearen handitzea eta urbanizazioaren beheko aldearen instalakuntzen berrikuntza egin ziren. Fase honetako lanek 3 hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da eta hauek iraun bitartean, trafikoa moztu egingo da Eliz Atea kalean bertan bakarrik, inguruko kaleetan ez du eraginik izango. TRAFIKO ISTRIPUAK SAIHESTEKO KANPAINA GAZTEENTZAT “Zuk ez duzu ordezkorik” izenpean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Lekeitioko Udalak, trafiko istripuak saihesteko helburua duen eta gazteei zuzendutako ekimen berezia antolatu dute. Auto gidabaimena ateratzeko asmoa duten gazteei bideratuta, kanpaina honek, kotxea hartzerakoan kontuan izan beharrekoak nabarmentzen ditu. Beste kasu batzuetan, norberak errurik izan gabe ere egoten dira istripuak, baita bizitza osoa baldintzatzen dutenak. Argi dago beraz, istripu batzuk ezin direla saihestu baina beste askotan gu gara erantzule eta are gehiago, gure bizitzaz gain, besteenak ere arriskuan jartzen ditugu. HURRENGO EGUNETAN ESKU PILOTA, KONTU KONTAKETA ETA LAGUNKOITASUN DIAGNOSTIKOAREN EKINTZA PLANA Esku pilota protagonista izango da, hurrengo asteetan trinketeko XIII. beteranoen eskuz binakako txapelketa egongo baita. Bihartik martxoaren 31ra bitartean, barikuetan 19:00etatik 21:00etara eta domeketan 10:00etatik 13:00etara. Partiduak Trinketean ospatuko dira eta Akarregi pelota taldeak antolatuta egongo dira. Bestalde, zapatu honetan “pantailen artean” kontu kontaketa izango dugu Barandiaran aretoan, arratsaldeko 18:00etan. Joku baten bitartez mundu ezberdinetako bi neskatxa elkartuko dira bertan. Ordenagailuko pantaila izango da bereizten dituen bakarra, baina, hamaika emoziok eta istoriok betirako elkartuko dituzte kontakizun honetan. Eta amaitzeko gogoratu, hurrengo ostegunetik aurrera Lekeitioko Lagunkoitasun diagnostikoaren ekintza plana egiteko sesioak hasiko dela, diagnostikoan agertutako beharrizanei erantzunak emateko helburuarekin. Lekeitio edozein adinekin adeitsuagoa izateko helburu duten bilera hauetatik lehenengoa urtarrilaren 17an 17:30etan izango da Barandiaran aretoan eta bertan aire zabaleko guneak eta eraikinak eta garraioa izango dira landuko diren gaiak. Aurretiaz izena ematea eskatzen da antolaketa ona izateko. Interesatuta egonez gero agurtzane-ongintza@lekeitio.eus helbidera idatzi edota 94 603 41 00 telefono zenbakira deitu. Ondoko sesioak urtarrilaren 24 eta 31an eta otsailaren 7an izango dira, toki eta ordu berean. Animatu parte hartzera!!
Banatu bideo hau
Bideoaren rankinak