Lur Albizu: “Gazteok sinistu behar dugu gu garela aldaketaren motor”

2018-07-03
Egoerarekin konforme ez eta oraina eta geroa aldatzeko prest dagoen gazte mugimeduari erreparatu dio gaurko Plaza Hutsak. Lur Albizu Etxetxipia Ernaiko bozeramaileari elkarrizketa egin dio Ibon Meñikak azken saio honetan. Albizuren iritziz, munduan barrena gazte mugimenduak herrigintza eta eraldaketa prozesuen motorretako bat dira. “Berritasun, errebeldia eta inkonformismo horrek askotan laguntzen du mugimendu iraultzaileetan –herrigintzazkoetan ere– proiektu berriak sortzen, beste perspektiba bat ematen eta horri guztiari beste buelta bat ematen”. Horrexegatik uste du gazteak badirela nor. Izan ere, gazteek badute gaitasuna berritzeko eta eraikitzeko, eta hori da indargune garrantzitsua da mundu berri bat sortzeko orduan. Kolektibotasuna edo komunitarismoa nabarmendu ditu Ernaiko bozeramaileak. “Gazteek hamarkadetan zehar izan dugu gaitasuna espazio berriak sortzeko”. Gaztetxeen mugimendua adibide modura jarri du, komunetik eta asanbladetatik hainbat gauza sortzeko gai izan dena. “Horizontaltasun horretan ere, beste jende batekin eta beste gazte batzuekin egiten den lan komun hori oso garrantzitsua da”, adierazi du. Oro har, gazteen mugimenduak herrigintzari, kulturgintzari eta askapen prozesuari egindako ekarpena oso handia izan dela uste du. “Gazte bulkada horiek ekarri dute herri honetara aldaketa eta eraldaketa prozesu horiek bizkortzeko edo beste norabide berritzaile batzuk emateko gaitasuna”, adierazi du Albizuk. Mobilizazio ziklo berriaz ere hitz egin du. Mugimendu feministak egindako lanak arrasto sakona utzi du gurean. “Askotan ez dugu aztertzen zein den prozesua. Prozesua izan da hilabeteetakoa eta herrietan egin dena, asanbladena”. Behetik gorako logika nabarmendu du. “Mugimendu feministak hitz egiten du borroka askotaz, eta zapalkuntza asko aztertzen ditu. Beraz, ematen die lekua subjektu askori. Eta ematen die aukera pertsona askori borroka egiteko beraien borroken alde. Ez da zerbait itxia”. Antolakuntzan oso jende gaztea aritu zela nabarmendu du, motor izan dena. Feministen ondotik pentsiodunek ere bete dituzte kaleak azken boladan. “Orain gelditzen da nola egiten dugun beste subjektuok gure ekarpena, aldaketek aurrera egin dezaten. Uste dut ari garela beste loraldi bat bizitzen eta oraindik hilabete asko gelditzen direla aurrera egiteko”. Era guztietara, gazteek eta beste sektore batzuek bizi duten prekarietateari aurre egiteko, aliantzak eta burujabetza funtsezkotzat jotzen ditu. “Prekarietatearen aurpegiak aniztu dira pila bat azken urteetan. Gu gara krisiaren belaunaldia, ez dugu besterik ezagutu. Prekarietatearen aurpegia gara, lehen ginen bezala, gazteekin bazetorren abizen hori, baina orain askoz nabariagoa da, eta gainera ez dugu beste egoerarik ezagutu”. Prekarietatearen subjektuak askoz gehiago direlako ere –emakumeak, migratzaileak...– aliantzak artikulatzeari garrantzitsua deritzo. “Nik uste dut oso garrantzitsua dela ulertzea herri honetan erabaki behar dugula zer hezkuntza sistema nahi dugun, zer marko propio nahi ditugun lanerako, zer pentsio-sistema... aldarrikapen horiek guztiak euskal estatu baten barnean enmarkatzen dira”. Azken batean, horrek guztiak ofentsiba kapitalistari aurre egiteko tresnak eskainiko dizkie. Lurrek oso argi du: “Gazteok ere sinetsi behar dugu gu garela aldaketaren motor eta eraldaketaren eta iraultzen motorretako bat, herrigintzaren motorretako bat, eta guk geuk egiten ez duguna ez duela inork borrokatuko; eta gurea dela oraina, etorkizuna gurea izan behar delako”. www.plazahutsa.eus @plazahutsa
Banatu bideo hau
Kanala
Bideoaren rankinak